XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Imajina dezagun gizon bat aktibo, ilustratu, aske, aisetasunean bizi dena eta desiraz betea.

Behartsuegia da lanik egin gabe bizi ahal izateko; baina aski aberatsa premiaren berehalako beldurraren gainetik sentitzeko, eta bere zoria hobetzeko asmoa du.

Gizon horrek badu gozamen materialen zaletasuna; beste asko ditu aurrean zaletasun horretara emanak; bera ere hasia da horietara jotzen, eta gogo biziz bilatzen ditu gehiago asetzeko bideak.

Hala ere, bizitza aurrera doa, denborak premiatu egiten du.

Zer egingo du?

Lur-langintzak emaitza ia ziurrak agintzen dizkio bere ahaleginen truke, baina oso astiro.

Poliki-poliki eta nekez baino ezin da aberastu nekazaritzaz.

Nekazaritza, dagoeneko soberakin asko daukaten aberatsei edota bizitzea baino eskatzen ez duten behartsuei komeni zaie.

Berehala egiten du aukera: landa saldu, bere egoitzatik alde egin eta arriskutsua den baina irabaziak ematen dituen lanbideren bati ekiten dio.

Nolanahi ere, horrelako jende asko dago gizarte demokratikoetan; eta, baldintza-berdintasuna areagotzen den neurrian, horrelakoen kopurua gehitu egiten da.

Demokraziak ez du, beraz, langileen kopurua ugaltzen bakarrik; gainera, jendea lan baterantz bideratzen du beste baterantz baino areago; eta, nekazaritzarako joera kentzen dien bitartean, merkataritza eta industriarantz zuzentzen ditu.

Izpiritu hau hiritarrik aberatsenen artean ere ikusten da.

Herrialde demokratikoetan, gizon bat, oso aberatsa dela uste izan arren, ia sekula ez da pozik egoten bere aberastasunaz, bere aita bezain aberats ez dela iruditzen baitzaio eta beldur da semeak bera baino gutxiago izango ote diren.

Demokrazietako aberats gehienek, beraz, aberasteko bideekin amets egiten dute etengabe, eta begiak merkataritza eta industriarantz zuzentzen dituzte naturalki, biderik bizkorrenak eta eraginkorrenak iruditzen baitzaizkie aberasteko.

Puntu honetan bat datoz behartsuaren instintuekin, nahiz eta honek bezalako premiarik ez izan; edota, hobeto esateko, premiarik bizienaren bultzada sumatzen dute: atzera ez egitea.

Aristokrazietan, aberatsak aldi berean gobernariak dira.

Arazo publiko handiei etengabe eskaintzen dieten arretagatik, aldendu egiten dira merkataritzak eta industriak eskatzen dituzten ardura txikietatik.